XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hizkuntza arrotzen irakaskuntzan, nik neuk, bai helduekin eta bai eskoletako ikasle gazteekin izan dut esperientzia.

Liburu hau idazterakoan bi eratako ikasleak izan ditut gogoan.

Esan gabe doa; halere, zenbait iharduera helduentzako egokiagotzat hartuko dituela irakurleak eta beste batzu, aldiz, eskolumeentzat aproposagoak direla.

Nolanahi ere, adinetik aski aparte, taldeen arteko diferentzia, gustora zer egiten duten eta hobeki ikasten zerk laguntzen dien, hartan egoten da.

Horregatik, irakurle bakoitzak bakarrik juzka dezake iharduera jakin bat bere ikasle-taldeentzat egokia den.

Esana dudan bezala, liburuak gehiago jotzen du praktikara hizkuntza arrotzaren irakaskuntzaren teoriara baino.

Haatik irakaskuntzaren praktika teoriatik erabat etenda balego, haztamuka hutsezko iharduera izango litzateke.

Horregatik, saiatu naiz tekniken azalpen arrazonatu koherente bat ematen, horrek irakurleari haiek gaitasun komunikatiboaren helburuarekin erlazionatzen eta bere irakaskuntz metodologian integratzen lagunduko dion esperantzatan.

Liburuaren jatorria
Hizkuntza arrotzen irakaskuntzan 1970. urteen hamarkadaren hasieratik eragina izan duen komunikatiboa delako mugimenduan ditu bere erro nagusiak liburuak.

Ez dago ezer berririk, noski, hizkuntza arrotzen ikasketaren helburua gaitasun komunikatiboa delakoaren oinarrizko ideian.

Hauxe da, egoera bidezko hizkuntz irakaskuntza edo metodo audiolinguala bezala, hainbeste erabili diren planteamenduen azpian dagoen ustea.

1970. urteen hamarkadaz geroztiko garapenek komunikatibo izatea bereziki aldarrikatu baldin badute, helburu honen ondorioak lehen baino sakonkiago eta esplizitukiago aztertu izan direlako da.

Ondorio hauek osatzen dute liburu honen aztergaia, baina hauetako bi hain funtsezkoak dira, ezen hauek aldez aurretik aipatuko bait ditut: 1. Planteamendu komunikatibo batek hizkuntzari buruzko perspektiba zabalagoa irekitzen du.

Bereziki, hizkuntza kontsiderarazten digu, ez bere egituren (gramatikaren eta hiztegiaren) aldetik bakarrik, baizik eta baita burutzen dituen funtzio komunikatiboen aldetik ere.

Bestela esateko, hizkuntz formei soilik begiratu ordez, jendeak besterekin komunikatu nahi duenean forma hauekin egiten duenari ere begira hasten gatzaizkio.